26 junio 2024
Inicio > Número 27 > Erronkak eta desadostasunak interpretazioko lizitazioetan: zentzuz lizitatzeko eta lanbidea defendatzeko deia

Erronkak eta desadostasunak interpretazioko lizitazioetan: zentzuz lizitatzeko eta lanbidea defendatzeko deia

Espainian interpretazio-zerbitzuetarako egiten diren lizitazioen arazoak azaltzen ditu artikulu honek. Ekintza kolektiboaren garrantzia nabarmentzen du, eta sektoreko elkarteen eta profesionalen arteko lankidetzak duen garrantzia ere bai. Konferentzietako interpreteen zerbitzuak lizitatzeko prozesuak boladan daude. Baina zergatik prekarizatzen dute lanbidea? Zer egin dezakegu? Administrazioari bidezko lizitazioak exijitzea komeni da, eta profesionalak lagundu eta errespeta ditzatela, ez bitartekariak bakarrik.

Lizitazioak boladan daude. 2017ko azaroan, Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legea onartu zen Espainian eta, harrez geroztik, tokiko administrazioek eta administrazio autonomikoek era guztietako zerbitzuak lizitzatu behar izan dituzte. Konferentzietako interpretazioa ez da salbuespena izan.

Testuingurua eta aurrekariak

Europako araudiak betetzeko lizitatzen da, baina noski, modu askotan lizita daiteke. Hortxe dago gakoa, hain zuzen ere: nola lizitatzen den, nola idazten diren baldintza-pleguak.

Europako araudiak betetzeko lizitatzen da, baina noski, modu askotan lizita daiteke. Hortxe dago gakoa, hain zuzen ere: nola lizitatzen den, nola idazten diren baldintza-pleguak. Plegu egokiak badira, lizitatzen den zerbitzua eta bere oinarriak errespetatuko dituzte. Pleguak txarrak badira, prezio baxuena eskaintzea izango da irizpide garrantzitsuena, eta ondorioz, ez dute garrantziarik izango ez gaitasun profesionalak ez eta, zenbaitetan, sektoreko arau profesional guztiek ere.

Izan ere, lizitazioen bitartez administrazioak kontratazio-prozesuetan gardentasuna, eraginkortasuna eta berrikuntza bultzatu nahi baditu, administrazio horrek berak jardunbide profesional egokiak bultzatu beharko lituzke, bai eta enpresa-jarduera bidezkoak ere.

FIU Belgikako esperientzia eta handik ikasitakoak

Belgikan aspaldi hasi ziren ohartzen lizitazioen arriskuez. Hala, FIU (Freelance interpreters United) taldea sortu zen —profesional talde bat, era askotako profesionalak biltzen dituena, sentsibilitate desberdinetakoak eta elkarte desberdinen parte direnak, pandemia garaiko erronkei aurre egiteko sortu zena— eta, Itzultzaile eta Interpreteen Belgikako Ganberarekin batera, bi ekintza-plan jarri zituen martxan, gerora bi argitalpen ekarri zituztenak: lizitatzaileei bidali beharreko Vademecum bat, lizitazio egoki batek bete behar dituen gutxieneko baldintzak jasotzen dituena, eta Interpreteen Jardunbide Egokiei eta haien arteko Harremanei buruzko Gutuna.

Interpretazioko lizitazioetan dauden erronkak Espainian

Espainiako tokiko administrazioetan eta administrazio autonomikoetan, plegu horietako askok ez dute zorroztasunaren eta kalitatearen alde egiten, eta nabarmena da administrazio horiek ez dutela lanbidea ezagutzen.

Jarduera okerren adibideak oso ugariak dira: Bartzelonako Udala, Diplocat, Kataluniako Generalitat-aren Kultura Saila, Extenda edo Defentsa Ministerioa, beste askoren artean.

Lizitazio askotako baldintza-pleguak nola idatzi dituzten ikusita, vademecum bat sortzearen ideia bikaina da, eta egokia. Espainiako tokiko administrazioetan eta administrazio autonomikoetan, plegu horietako askok ez dute zorroztasunaren eta kalitatearen alde egiten, eta nabarmena da administrazio horiek ez dutela lanbidea ezagutzen. Ondorioz, lanbidearen araurik oinarrizkoenak erasotzen dituzte, lan-baldintzak eta eskubideak ere bai. Plegu batzuetan interpretazioa minutuka tarifatzea eskatzen dute; ahaztu egiten dute prozesuaren zati garrantzitsu bat, hots, prestaketa-orduak —interpreteen ordainsarian sartzen da enkargu bat egiteko aurrez egin behar den lan guztia, ez bakarrik interpretazioa bera, hori izebergaren punta baino ez da—. Suhiltzaileari, adibidez, sua itzaltzen ari direnean bakarrik ordaintzen ote zaio? Edo zirujauari, ebakuntza egiten diharduenean bakarrik? Edo abeslariari, kontzertua ematen ari denean bakarrik? Beste plegu batzuetan nahastu egiten dira itzultzaileak, loturazko interpreteak eta konferentzietakoak; gertu dauden arren, gaitasun eta trebakuntza desberdinak eskatzen dituztenak. Plegu batzuetan, eskatzen da interpreteak bakarrik lan egin dezala bi orduz, kontuan hartu gabe interprete ofizioaren zailtasuna eta zama kognitiboa; ez dituzte aintzat hartzen buruko nekearen inguruan egin diren ikerketak. Horien arabera, konferentzietako interpreteek bikoteka lan egin behar dute, eta 20 edo 30 minutuko txandetan, interpretazioaren kalitateari eusteko eta buruko eta gorputzeko osasuna babesteko. Beste plegu batzuetan ez dira kantzelazio edo atzeratze kasuetarako klausula egokiak sartzen, baina interpreteak zerbitzu konfirmatu bat onartzen badu, aurretiaz prestaketa eta dokumentazio lana egin beharko du eta, gainera, lan horrekin konpromiso finkoa hartuko du, eta egun horretarako beste lan-aukera batzuk izango balitu, uko egin beharko die, edozein arrazoirengatik aukera hobeak edo luzeagoak izan arren. Konpromisoa, noski, bi aldeek hartu beharko dute. Zerbitzuak ezeztatzen direnerako, baldintza desegokiak baditugu, horrek erabateko prekarietatera garamatza. Jarduera okerren adibideak oso ugariak dira: Bartzelonako Udala, Diplocat, Kataluniako Generalitat-aren Kultura Saila, Extenda edo Defentsa Ministerioa, beste askoren artean.

Estatuko erakundeetan duen eragina

Lizitazioen alor labainkor horretan, Estatuko erakundeak salbatu egiten zirela ematen zuen. Senatuan, 2005ean jarri zen martxan hizkuntza koofizialetatik interpretatzeko zerbitzua. Deialdi publiko bat egin zuten, profesional tituludunak hautatzeko, eta 25 konferentzia-interpretek osatutako lan-poltsa eratu zuten. 19 urtez, kalitatezko zerbitzua eman dute, talde egonkorretan. Profesional kualifikatuak dira eta Ganberaren jarduerara egokitzen asmatu dute.

2023ko irailaren 13an, Diputatuen Kongresuak Erregelamenduaren erreforma onartu zuen, Behe Ganberan hizkuntza ofizialen erabilera arautzeko. Une hartan, Senatuko kontratazio zuzena eredu on gisa aurkeztu zitzaien, jarrai zezaketen jardunbide egoki gisa. Interpreteak behar dituzten beste erakunde handi batzuen antzeko sistema da, hots, Europako Batzordean edo Nazio Batuetan erabiltzen dutena: azterketak egiten dituzte profesionalak habilitatzeko, haien gaitasuna egiaztatzeko, eta profesional horiek zuzenean kontratatu ahal izateko. Ostera, zerbitzua enpresa bati ematen bazaio, profesionalak hautatzeko aukera galdu egiten da, eta ezin da egiaztatu benetan gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituzten ala ez. Ez da salbuespena: lizitazio asko hutsik gelditzen dira, hain zuzen, beharrak ez direlako behar bezala ebaluatzen eta ez delako merkatu-ikerketa egoki bat egiten.

Argi ikusi zen Senatuak ez zuela ezagutzen profesionalek zein baldintzatan lan egiten dugun eta Senatua bezalako erakunde bati zerbitzua ematen dion interprete batek zer nolako betekizunak izan behar dituen.

Aurreikuspen guztien kontra, 2023ko abenduaren 20an Senatuak lehiaketara atera zuen aldibereko interpretazio-zerbitzua (urruneko interpretaziora aldatuta), bai eta euskaraz, katalanez, galegoz eta valentziarrez egindako hitzaldiak (Senatuan onartutako araubidearen arabera) transkribatzeko zerbitzua ere. Argi ikusi zen Senatuak ez zuela ezagutzen profesionalek zein baldintzatan lan egiten dugun eta Senatua bezalako erakunde bati zerbitzua ematen dion interprete batek zer nolako betekizunak izan behar dituen. Are gehiago, halako lehiaketetan parte hartu ohi duten hainbat enpresek, hain zuzen ere Espainiako interpretazio-merkatu profesionalean ordaintzen dena baino askoz ere ordainsari baxuagoak eskaintzen dituzten batzuek atzera egin zuten, eta lehiaketan ez parte hartzea erabaki zuten, baldintza berri eta hobeak atera artean.

Noticia sobre la interpretación en el Senado.

Senatuko baldintza-pleguek konferentzietako interpreteen lanbidea prekarizatzen dute, hura kaltetu eta hondatu egiten dute, haren oinarri-oinarrizko arauen kontra baitoaz, interpreteen lan-baldintza eta eskubideen kontra. Zaku berean sartzen ditu urruneko interpretaziorako plataforma teknologikoa, haren kudeatzailea, laguntza teknikoa, interpreteak eta senatarien hitzaldien transkripzioa eta, gainera, hori dena aurrekontu oso txiki batekin egitea eskatzen dute. Aurrekontu horrekin ezin dira jarduera horiek guztiak gauzatu. Baina ez hori bakarrik, pleguek honako arazoak ere sortzen dituzte:

  • Ez dute trebakuntza espezifikorik eskatzen. Orduan zertarako dira unibertsitate eta masterrak? Ez al dago desberdintasunik 5 urtez trebatu den interprete baten eta inolako trebakuntzarik jaso ez dutenen artean?
  • Ez da “konferentzietako interprete” terminoa aipatu ere egiten, eta ez da eskatzen inolako eskarmenturik erakundeetan edo testuinguru parlamentarioan. Interpreteak esperientziaren bidez espezializatzen dira, prestaketa- eta ikasketa-orduen bidez.
  • Ez dute deskribatzen zer nolakoa den Senatuko interpretazio-lana, eta nolako erantzunkizuna dakarren.
  • Ordainsariak negargarriak dira eta 30 minutu arteko tarteen arabera ordaintzea proposatzen dute.
  • Ez dute bermatzen jabetza intelektualeko eskubideak babestuko direnik.
  • Urteetan elkarte profesional ospetsuek eta nazioarteko erakundeek landu dituzten estandarrak urratzen dituzte.
  • Ez da ordaintzen profesionalak presente egon behar duen denbora guztia, nahiz eta ez egon uneoro interpretatzen, ez eta interpretearen trebakuntza eta disponibilitatea ere.

Lizitazioaren kultura hori mehatxu larria da profesional autonomo guztientzat, eta kolpe bat gehiago ematen dio administrazioak nahiko ukitua duen lanbide bati.

Lizitazioaren kultura hori mehatxu larria da profesional autonomo guztientzat, eta kolpe bat gehiago ematen dio administrazioak nahiko ukitua duen lanbide bati. Antzeko zerbait gertatzen da zeinu-hizkuntzako interpretazio-zerbitzuekin edo interpretazio judizialarekin ere. Estatuko Administrazio Orokorrean, interpretazio judizialean egin diren lizitazio okerren ondorioz, arazo handiak sortu dira eta sektoreak berak eta epaileek ere, salatu egin dituzte hainbat aldiz lizitazio oker horiek. Tragedia handia da eta horren erakusgarri, APTIJek (Itzultzaile eta Interprete Judizialen eta Zinpekoen Elkarte Profesionalak) Justizia Ministerioaren eta Arartekoaren aurrean aurkeztutako salaketa-espedientea, 263 orrialdekoa.

Beste nolabait egin zitekeen…

Pleguak idazteko, orain arte interpretaziorako sinatu diren akordioak azter zitzaketen, adibidez, Konferentziako Interpreteen Nazioarteko Elkarteak (AIIC, lanbidearen ordezkaritza gorena, mundu mailakoa) sinatu dituenak Europako Parlamentuarekin, Europako Batzordearekin, Europar Batasuneko Kontseiluarekin, EBko Justizia Auzitegiarekin, Europako Ekonomia eta Gizarte Batzordearekin, Eskualdeetako Batzordearekin, EBko agentzia eta erakundeekin, NBErekin eta haren erakunde guztiekin, Munduko Bankuarekin, Munduko Moneta Funtsarekin eta abarrekin.

Baina ez zuten egin.

Antzeko erakundeen funtzionamendua azter zezaketen, hala nola Suitzako Kontseilu Nazionalarena eta Estatu Kontseiluarena: 1946an sartu zuten aldibereko interpretazio-zerbitzua.

Antzeko erakundeen funtzionamendua azter zezaketen, hala nola Suitzako Kontseilu Nazionalarena eta Estatu Kontseiluarena: 1946an sartu zuten aldibereko interpretazio-zerbitzua, eta negoziazioaren kultura sakon bati esker, egokitu egin dira garaietara.

Edo Italiako Trentino-Alto Adigio eskualdeko egoera beha zezaketen, non nahitaezkoa den aldibereko interpretazio-zerbitzua eskaintzea probintziako gobernuaren (Giunta Provinciale) saioetan, eta alemanez eta italieraz hitz egiten duten zinegotziak dituzten hirietako udalen (Bolzano, Merano) saio guztietan.

Baina ez zuten egin.

Edo zuzenean kontsultatu zezaketen Senatuan 19 urte lanean daramatzagun interpreteokin. Gustura emango genieke aholku, lehen egunetik egin dugun bezalaxe. Edo elkarte profesional nazional nagusiei galde ziezaieketen, bereziki, ESPAIIC edo AICEri.

Baina halakorik ere ez zuten egin.

Senatuko pleguek profesional oro baztertzen dute, baina ez hori bakarrik; bitartekariei bakarrik uzten diete lekua.

Senatuko pleguek profesional oro baztertzen dute, baina ez hori bakarrik; bitartekariei bakarrik uzten diete lekua. Ardura eta zorroztasun gutxiko enpresa multinazionalak izan ohi dira, eta haien helburu nagusia onura ekonomikoak sortzea eta maximizatzea izaten da. Horretarako, Espainiako interpretazio profesionalaren merkatuan eskaintzen direnak baino askoz baldintza eskasagoak eskaintzen dituzte. Zer proposatu dute agentzia horiek?

Ohikoa den moduan, binaka lan egin beharrean, bakarrik lan egitea proposatu dute, edo lankide batekin lan egin ahal izateko, tarifa murriztua onartzea. Estandarretik oso behera dauden ordainsariak ere bai, «itxarote-tarifak» eta «zerbitzu-tarifak» —trebakuntza, gaitasuna, prestakuntza eta disponibilitatea erabat gutxietsiz—, eta transkripzio-lana tarifan sartuta (lizitazioaren beste osagai bat). Tira, gora irudimena!

Plegu horietan eta, jakina, agentzien mezuetan ere ez da zehazten Senatuko interpretazioaren errealitatea zein den: hau da, interpretazioa TV Senado-k zuzenean emititzen duela eta kazetari eta politikari talde handi batek jarraitzen duela; interpretatutako diskurtsoak hitzez hitz transkribatzen direla aldizkari ofizialean; aldizkari horrek balio juridikoa duela eta informazio-iturri ofizial gisa erabiltzen dela eztabaidak, lege-proposamenak, bozketak eta Ganberako beste jarduera batzuk nola garatu diren ulertzeko; hitzaldi gehienak minutuko 145 hitzeko batez besteko abiaduran irakurtzen direla, eta gutxitan izaten duela interpreteak testua; edo horrek guztiak dakarren erantzukizuna edo eragin mediatikoa.

Ekintzara igarotzea

Azken bi hilabete eta erdian, Senatuko interprete-taldea ekintzara pasatu da, eta neurri adierazgarriak hartu ditu lan-baldintzak eta lanbidearen iraunkortasuna defendatzeko.

Azken bi hilabete eta erdian, Senatuko interprete-taldea ekintzara pasatu da, eta neurri adierazgarriak hartu ditu lan-baldintzak eta lanbidearen iraunkortasuna defendatzeko. Besteak beste, ekintza hauek gauzatu ditu:

  • Pleguaren aurkako administrazio-errekurtsoa aurkeztu du.
  • Senatarien eta diputatuen artean egoeraren berri eman du.
  • Legebiltzar-taldeekin harremanetan izan da.
  • Elkarte profesional guztiekin zubi-lana egin du.
  • FIU España, ESPaiic (AIICen Espainiako adarra) eta Asetrad-eko batzarretan, hitzaldiak eman ditu, egoeraren berri emateko eta profesionalak elkartzeko, guztion artean gure lanbidea defenda dezagun.
  • Vértice Sarearen komunikatuak bultzatu ditu.
  • Politikari buruzko artikulu-idazleekin harremanetan jarri da, terminologia zuzentzeko (itzultzaileak, ‘pinganilloak’…).
  • Sareetan gaia zabaldu du.

Ekintza horiek eragin mediatiko nabarmena izan dute, eta zenbait talde politikok Senatuko Mahaian aurkeztu dituzten kexen berri ematen duten artikuluak argitaratu dira. Azken berria da Senatuak lizitazioa erretiratu duela eta berria prestatzen ari dela. Egindako ekintza guztiengatik izan liteke, lehiaketa hutsik geratu delako, edo, besterik gabe, Senatuko Mahaiak hilean hiru osoko bilkura egitea erabaki duelako berriki, eta horretara egokitu behar dutelako. Nolanahi ere, lizitazio berri bat egoteak aukera ematen du pleguen definizioa hobea izan dadin eta lanbidearen errealitatera egokitu dadin.

Bien bitartean…

Diputatuen Kongresuko pleguak noiz argitaratuko zain gaude, Behe Ganberan katalan, galiziera eta euskarako interpretazioa emateko behar berriei nola erantzungo dioten jakiteko.

Espero dugu kanpaina horiei esker hobeto ulertuko zutela pleguek zein gutxieneko betekizun izan behar duten zerbitzu horiek baldintza onetan emateko. Izan ere, lizitazio asko hutsik geratzen dira, hain zuzen ere beharrak behar bezala ebaluatzen ez direlako eta merkatua behar bezala aztertzen ez delako. Beste kasu batzuetan, enpresa bati ematen zaio zerbitzua, eta hala, erakundeak galdu egiten du profesionalak hautatzeko aukera (edo uko egiten dio aukera horri), eta gutxieneko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko aukera ere bai.

Horregatik, gure iritziz, arazo hori guztioi dagokigu.

Nolanahi ere, hurrengo lizitazioen inguruan sortzen diren zalantzek aukera ematen digute pedagogia-lana egiteko, eta gure lan-baldintzak zeharo suntsitu ez ditzaten lan egiteko. AIICek nazioarteko erakundeekin sinatutako akordioak merkatu pribaturako eredu izan dira, eta modu berean, Espainiako erakundeetan adostasun falta badago, eta baldintza lotsagarriak badaude, ondorio larriak irits litezke merkatura ere. Horregatik, gure iritziz, arazo hori guztioi dagokigu: interprete esperientziadun zein hasiberriei, junior zein seniorrei, elkarte bateko zein bestekoei, elkarteetako kide ez direnei, alderdi instituzionala interesatzen zaienei, bai eta sektore pribatuan zentratzen direnei ere.

Lanbidea defendatzeko unea da

Abagune horren aurrean, hainbat proposamen sortu da; hala nola kontzientziazio-lana egin beharra, Estatuan eta nazioartean praxi txarreko eta praxi oneko kasuak biltzeko Behatokia sortzea, eta pleguen gutxieneko baldintzen vademecum nazional bat egitea. Esate baterako, enpresa lizitatzaileek interpretazioari buruzko ISOak ezagutu, errespetatu eta bete beharko lituzkete, ISO horietan berriena bereziki — ISO 23155— eta toki bakoitzean, bertako zerbitzuak kontratatzeko konpromisoa hartu beharko lukete. Tokian tokiko interprete autonomoei edo enpresa txiki eta ertainei aukerak eskaintzeak, zalantzarik gabe, lagundu egingo luke hain beharrezkoa zaigun ehun ekonomiko nazionala sostengatzen eta indartzen.

Alor horretan, adi ibili behar dugu ‘beste ISO’ arauen tranparekin: enpresa-kudeaketari buruzko arauak dira, dokumentuak kudeatzeko prozesuei buruzkoak, administrazio- eta ingurumen-gaiei buruzkoak, kolektibo ahulak sartzeari buruzkoak, genero-parekidetasunari buruzkoak, eta abar. Horiek guztiek zerikusi gutxi dute gure interpretazio-jardunarekin, eta gainera, jokoz kanpo uzten dituzte ETEak edota interprete profesionalen taldeak.

Ekintza kolektiboa estrategia positiboa da, jardunbide kaltegarriei aurre egiteko, eta bitartekariaz gain, profesionalari ere mesede egingo dion eta hura errespetatuko duen lan-esparru bat bermatzeko.

Lanbidea defendatzeko unea da. Ekintza kolektiboa estrategia positiboa da, jardunbide kaltegarriei aurre egiteko, eta bitartekariaz gain, profesionalari ere mesede egingo dion eta hura errespetatuko duen lan-esparru bat bermatzeko. Vértice Sarea mobilizatuta dago, sektoreko elkarte adierazgarrienekin batera dihardu lanean: ESPaiic, AICE, AGPTI, EIZIE eta Asetrad elkarteekin. Asoziazionismoa eraldaketarako tresna da, baina gutako bakoitzaren ekintza oro ere oso baliogarria da. Elkarrizketa eraikitzailea irekitzeko unea da, eta egungo erronkei aurre egiteko ahaleginak batzeko unea. Orain hartuko ditugun erabakiak funtsezkoak izango dira sektorearen etorkizunerako. Konferentzietako interpreteen ahotsa entzunarazteko garaia da, eta lan-ingurune bidezkoago eta iraunkorrago baten aldeko borroka hau aurrera eramateko garaia.

Artikulu hau argitaratzen den egunean lizitazio berria argitaratu da dagoeneko. Tamalez, agiri horrek gabezia nabarmenak izaten jarraitzen du oraindik ere —lehenengoak, gainera, konferentzien interpretazioan aplikatzekoa ez den hitzarmen bat ere aipatzen zuen—, nahiz eta baldintza ekonomikoak pixka bat hobetu diren.

Traducción del castellano: Itziar Mendizabal Alberdi

Emma Soler
Emma Soler Caamaño
+ artículos

Licenciada en Interpretación de Conferencias por la Universidad de Mons (EII, Bélgica) en 1992 y doctora en Interpretación por la Universidad Pompeu Fabra. Intérprete de conferencias freelance desde 1993 (FR, EN, ES, CA), intérprete acreditada del Senado español desde 2005 y profesora de Interpretación en la Universidad Pompeu Fabra de 1996 a 2007. Es miembro de AIIC y de la ATIJC. En 2009 fundó su propia empresa de interpretación, e774Interpretes.

Emma Soler Caamaño
Emma Soler Caamaño
Licenciada en Interpretación de Conferencias por la Universidad de Mons (EII, Bélgica) en 1992 y doctora en Interpretación por la Universidad Pompeu Fabra. Intérprete de conferencias freelance desde 1993 (FR, EN, ES, CA), intérprete acreditada del Senado español desde 2005 y profesora de Interpretación en la Universidad Pompeu Fabra de 1996 a 2007. Es miembro de AIIC y de la ATIJC. En 2009 fundó su propia empresa de interpretación, e774Interpretes.

Redes Sociales

956me gustaMe gusta
10,638seguidoresSeguir

Último número

- Advertisement -spot_img

Artículos relacionados